XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Altos Hornos

Xabier Gereño

Chapeau! Zorionak, Altos Hornos-eko langileak, zuen lanpostuak defendatzeko bide duin bat hartu duzuelako; zuen lanpostuen defentsa, ibilaldi luze horretan zuek sufrituz eta besteak errespetatuz egiten ari zaretelako.

Zuek aukeratu duzuen defentsa modu hori, eredu izan daiteke gainerakoentzat.

Jendeak ez du ulertu orain arte ikusi ahal izan ditugun beste modu primitibo eta baldar horiek, errepideak eta kaleak trafikoari ebakiz, autobusak eta trenak errez, barrikadak eraikiz, etab.

Ekintza nazkagarri horiek, ezer konpondu ez eta populazioaren haserrea eta higuina lortu dute, kalte ekonomikoak sortuz lanean ari diren beste langileei.

Zein zen iskanbila horien helburua?

Norberaren arazoak eta sufrimenduak besteengana zabaltzea, beste horiek ere sufritu zezaten?

Uste du inork sufrimenduak zabaltzen, norberaren sufrimenduak bigundu daitezkeenik?

Bidezkoa da, oso zuzena eta egin beharrekoa, norberaren lanpostua defendatzea, baina zentzuz, portaera erratuek besteen lanpostuak kolokan jarri ditzaketelako.

Prefiero hacer esto que quemar autobuses, esan zuen Ramon-ek, Altos Hornos-eko langileen Burniaren Ibilaldiko partaide batek.

Well done! Euskal populazioak inoiz ez bezalako sinpatiaz begiratzen zaituzte.

Merezi du garaitiak zuena izatea, eta orduan zeuen poza geurea ere izango da.